partekatu
• BERRIA
HAPO | Etxebizitzak birgaitzeko politikari eta dirulaguntza neurriei buruzko alegazioa
Honen bidez, jendaurrean jartzeko epearen barruan, HONDARRIBIKO HIRI ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRARI ALEGAZIO hauek aurkezten dizkio Hondarribiko PSE-EEk:
Birgaitze-politika eta diruz lagun daitezkeen neurriak HAPOn
HAPO honi egiten zaion edozein alegazio premisa beretik abiatzen da: okerra da HAPOk lortu nahi duen antolamendu-eredua, erregulazio oker eta zaharkitura jotzen baitu, hiriaren interes orokorretik urrun.
Gogora dezagun Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2020ko maiatzaren 25ean emandako epai irmoak Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren deuseztasuna deklaratzen zuela. Eta aurkezten den HAPO ere gauza bera da: hiri-garapeneko eredu bera, herritarren interesak alde batera uzten dituena eta hiria gutxi batzuen interes ekonomikoen zerbitzura jartzen duena. Dokumentu bera berriz aurkeztu da jendaurrean.
Plan hori ulertezina da hirigintza jasangarriaren ikuspegi modernotik. Izan ere, adostasun orokorra dago lurralde- eta hiri-jarduketa orok helburu hauek izan behar dituela:
- Gizarte-kohesioa eta garapen jasangarria
- Birgaitzea lehentasunezko ardatz
- Lurzoru berrien kontsumoa ahalik eta gehien murriztea
- Energia-eraginkortasuna hiri-espazioak diseinatzeko funtsezkotzat hartzea.
Espekulaziozko hirigintza-plan bat da, zeinaren orientazio politikoa bizitegi-garapen berriez soilik arduratzea baita, haien beharra eta interes publikoa justifikatu gabe, alde batera utzita lurraldean izango dituen inpaktu negatiboak, sortuko duen barne-mugikortasunaren eskaera handia, eta Udalarentzako etorkizuneko mantentze-kostu izugarriak. Gauza bakarra berma daiteke: gutxi batzuek diru asko irabaziko dutela.
Plan horren ahalegin guztiak lurzoru berriak okupatzeko jarduera klasikoak diseinatzera bideratzen dira, ikuspegiak dituzten eremuetan luxuzko etxebizitzak sortzeko, hirigunetik deskonektatuta egongo direnak. Antolamendu horrek ez du inondik inora hiri kohesionaturik sortzen, eta energia-, ingurumen- eta gizarte-iraunkortasunaren guztiz kontrakoa da.
Alde Zaharra eremuaren babesa bermatuko duen Birgaitze Plan Berezi bat idaztea aurreikusten da. Horren zain gaude gogoz, urteak baitaramatzagu hori eskatzen.
Baina Plan honek berariaz uko egiten dio birgaitzeko eta zuzkidurak sortzeko jarduketak arautu eta diseinatzeari, bereziki hiriak jasaten duen etxebizitza-arazoa konpontzeari dagokionez. Eta birgaitzea (irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa) printzipio huts gisa geratzen da, ez baitira ia eduki materiala emango dioten neurri zehatzak artikulatzen.
Aurreko HAPOren azterketa sozio-urbanistikoan honako hau esaten ziguten:
Herritarren parte-hartze programan egiaztatu da herritarren kezka nagusietako bat etxebizitza eza, etxebizitzaren prezioa, eta babestutako etxebizitza, bereziki alokairuko etxebizitza sustatzearen beharra izaten jarraitzen duela.
Hondarribiko Etxebizitza Hutsei, Alokairuari eta Etxebizitza Turistikoei buruzko txostenak, IKEIk 2018an egindakoak, agerian uzten du egoera hori, eta nabarmentzen du arrazoizko errentetan dauden alokairuko etxebizitzen eskaintza txikia dela, eta ezin diola eskariari erantzun.
Izan ere, Hondarribian pobrezia dago: Azterketa sozio-urbanistikoaren arabera, Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaile gutxi daude hirian, etxebizitzaren prezioek errenta baxuak kanporatzen dituztelako:
Hala, ikusten da udalerriaren batez bestekoak (% 1,13), probintziaren % 2,25aren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren % 3,05aren aldean, kalteberatasun-egoera nahiko baxua islatzen duela, eta, ziur asko, aipatutako etxebizitzaren prezio altuak baduela zerikusia (biztanle kalteberenek ezin dituzte etxebizitzaren prezio altuak onartu Hondarribian).
Birgaitzeari dagokionez azterketan hau esaten da:
Ildo horretan, eta hiri-birgaitzearen ikuspegitik, ez da esku-hartze handiei ekiteko premiarik ikusten, Mendeluko eremuan izan ezik; izan ere, zenbait baldintza sektorial (zortasun aeronautikoak, uholde-arriskua, ingurumen-babesari lotutako eremuetatik hurbil egotea, etab.) eta zeharkatzen duten lurreko komunikazio-sareek eragindako afekzioa direla-eta, Administrazioak ekintza irmoa egin behar du.
Beste eremu batzuetan, hala nola Amuten edo Alde Zaharrean, birgaitzeko premia handia duten eraikin batzuk daude, baina eraikitako parke gehiena egoera onean dago.
Azkenik, komeni da irisgarritasun unibertsala lortzera, bizigarritasuna hobetzera, energia-efizientzia handitzera eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratutako jarduerak sustatzea.
Administrazio guztiak bat datoz esatean etxebizitza-politika modernoek hainbat ardatz izan behar dituztela:
- energia-eraginkortasunerako birgaitzea
- irisgarritasun unibertsala hobetzea
Bi arazo nagusi horiek zuzenean eragiten diote herritar ahulenen bizitzari. Zenbat etxebizitza daude irisgarriak ez direnak? zenbat etxetan bizi dira ia atera ere ezin diren adinakoak?
Izan ere, arazo hori ikusezin geratzen da. Baina herritarren oinarrizko eskubideei eragiten die. Mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak beren etxebizitzetan preso daude, igogailurik ez dutelako. Aspalditik pribatua izateari utzi dion arazoa da, dimentsio publiko nabarmena baitu.
Eta horrek bereziki harrituta uzten gaitu. Nola esan daiteke Hondarribian ez dagoela birgaitzeko beharrik? Etxeak zatika ez erortzeak ez du esan nahi gabezia larririk ez dutenik, ez igogailu faltari dagokionez, ez energia-eraginkortasunari dagokionez. Eta arazo horiek zuzenean eragiten diote etxebizitzen bizigarritasunari, eta egoera ahulenean daudenengan dute beti eragina: etxebizitzaz aldatu ezin dutenengan eta etxebizitza birgaitzeko dirurik ez dutenengan.
Mundua aldatzen ari da, eta energia-eraginkortasuna gai tangentziala izatetik lehen mailako beharra izatera igaro da, energiaren prezioa kontuan hartuta.
Eta Plan honi energia-estrategia globala falta zaio, argi eta garbi. Izugarria da ahalegin guztiak egin ez izana gure etxebizitzetako energia-kontsumoa nola murriztu aztertzen. Baina horren ordez, etxebizitza librearen espekulazio-garapen berrietan jartzen du arreta.
Oro har, oso gutxi dira ondare eraikian jarduteko beharrei eta aurreikuspenei buruzko aurreikuspen zehatzak, eraikuntza- eta hirigintza-arazoak dituzten eremuak berroneratu eta birgaitzeari dagokionez.
HAPO erreferentziazko tresna da udalerriko etxebizitza-politikan, eta, beraz, ezin da ia ukitu ere egin gabe pasatu etxebizitzaren egoerak eragindako gizarte-arazoen gainetik. Horregatik, hiriaren etorkizuneko aurreikuspenetarako behar diren garapen berriak gauzatzerakoan ezinbestean hirigintza-politikaren oinarri izan behar duten berroneratzeko eta birgaitzeko helburuak lortu behar dira.
Horrela, Udalaren Lurzoru Ondarerako lortzen diren baliabideak hirian dauden hirigintza- eta eraikuntza-arazoak konpontzeko erabili beharko lirateke lehentasunez.
Hiri berroneratze eta birgaitze esku-hartze horietarako, HAPOk lerroak ezarri behar ditu eta bere helburuak eta ondarea konprometitu behar ditu esku-hartze horiek gauzatzeko.
Irisgarriak ez diren eta adinekoak bizi diren etxebizitzen inbentario bat egin behar da, eta irisgarritasun ezari irtenbidea emateko programa bat eratu behar da. Presazko izaerarekin eta araudi izaera duena, HAPOk berak azaldua.
Azterlana HAPOn sartu behar da, eta esku-hartze horiek bideratzeko beharrezko tresna juridikoak eta planeamendu tresnak ezarri behar dira. Modu proaktiboan eta irekian arautu behar ditu HAPOk berak, irisgarritasun ezaren arazoetarako konponbideak, hala hirigintza arazoa izateari utz diezaion, eta irtenbidea izan dadin.
Eta azterlan horretan oinarrituta , udal dirulaguntzetarako programa bat ezarri behar da bereziki baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei begira. Gure inguruko beste udalerri askok dirulaguntza deialdiak egin dituzte eraikinak birgaitzeko, eta gure herriak ere egin ahal ditu eta egin behar ditu. Eta horrek bere eragina izan behar du HAPOren aurreikuspenetan.
Aurkezten den etxebizitzaren txostena oso mugatua da, eta ez du azterketa xehea egieten eraikitako ondarean esku-hartzeko beharri buruz eta ez ditu antzematen diren beharretan esku-hartze sozio-urbanistikoa egiteko proposamen xeheak ematen.
Iraganetik datorren plana da, eta ez da konturatu mundua aldatu egin dela, energia luxua dela familientzat, adinekoak bizi diren etxebizitzak irisgarriak ez izatea onartezina dela, eta hiri birgaitzea Administrazioaren betebeharra dela. Eta ez du ikusten qazteek ez dutela ulertzen luxuzko auzoak garatzea eta beraiek beharrezkoak dituzten alokairuzko Babes Ofizialeko Etxebizitzak ez egitea.
Gure gazteak eta adinekoak harro dira hondarribiarrak izateaz, baina beraien hiriak bizkarra ematen die, zuzkidurak eta etxebizitza zerbitzua ukatzen baitizkie.
Horiek horrela, honako hau
ESKATZEN DU
idazki hau aurkeztutzat, onartutzat eta bertan jasotzen diren alegazioak aurkeztutzat jo ondoren, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) Hasierako Onespenaren Dokumentua onartu eta aldatzea, idazki honen gorputzean jasotzen diren gogoeten edukitik eratortzen den zentzuan. Laburbilduz:
- Txerta daitezela azterketa sakonak hirian etxebizitzak birgaitzeko beharrei buruz, bereziki irisgarriak ez diren etxebitzitzei buruzko azterketa bat, eta etxebizitza horietan bizi diren adinekoen ezaugarri zehatzak.
- Txerta daitezela eraikuntza birgaitzeko esku-hartzeak lehenesten dituzten arauak, obra berriko sustapenen aldean.
- Birgaitzearen garapena bermatzen duten konpromiso ekonomikoak eta esku-hartze programa ezartzea, birgaitzeetarako dirulaguntza programa baten bidez, eragindako bizikidetza unitateen dirusarreren arabera.
Ofiziozko esku-hartzeak Eraikinen Ikuskapen Teknikoetarako, birgaitzeetarako udal funts publiko bat izatea, eusko jaurlaritzako etxebizitza sailaren helburu horretarako programak argitaratzea eta horietara atxikitzea (alokairurako birgaitzea, irisgarriak diren etxebizitzetatik etxebizitza publiko irisgarrietara joatea, etab.).