partekatu
Urnietako PSE-EEk salatu du EAJk eta EH Bilduk atzera bota dutela Irurainen segurtasuna hobetzeko mozioa
Udal Talde Sozialistak bi alderdien jarrera deitoratu du, herritarren beharren gainetik beren interes alderdikoiak lehenetsita, proposamenari bizkarra eman diotelako
Urnietako PSE-EEk deitoratu eta salatu du alderdi politiko bakar batek ere ez duela babestu Iruraingo biribilgunearen inguruan bide-segurtasuna eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko sozialistek aurkeztutako mozioa. Iruraingo biribilgunea Urnieta eta Andoain lotzen dituen ibilbideko puntu gatazkatsuenetako bat da.
Ekimen sozialistak benetako kezka bati erantzuten dio; izan ere, ibilbide hori egunero erabiltzen duten herritar askok partekatzen duten arazoa da. Mozioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari eskatzen zitzaion bidegorriaren trazadura berehala aldatzea, Irurain gaineko biribilgunetik gasolindegi zaharraren aldera doan pasabidea kentzea eta bidea errepidearen aurreko aldetik bideratzea, arrisku handieneko gurutzaketak saihesteko.
Horrez gain, foru erakundeari eskatzen zitzaion identifikatutako puntu beltzak ezabatzeko edo minimizatzeko beharrezko jarduketak egitea. Neurri horien artean zeuden seinaleztapen horizontal eta bertikala hobetzea, trafikoa moteltzeko neurriak ezartzea, argiztapena indartzea, ikusgarritasuna hobetzea eta, teknikoki gomendagarria denean, bidegurutzeak berrantolatzea.
Udal Talde Sozialistarentzat «bereziki deigarria» izan da EAJk hartu duen jarrera; izan ere, EH Bildurekin batera, zentzuzkoa eta guztiz egingarria zen proposamen bati bizkarra ematea erabaki du.
Erabaki horrek «agerian uzten du EAJk eta EH Bilduk beren interes alderdikoiak lehenetsi dituztela herritarren segurtasunaren aldeko bidezko aldarrikapen baten gainetik». Udalerrian dagoen benetako kezka bat Foru Aldundiari helaraztea helburu zuen proposamena babestu beharrean, hura baztertzea erabaki dute, bestelako alternatibarik eskaini gabe.
PSE-EEren ustez, segurtasuna ez da estrategia politiko edo alderdien arteko kokapen gisa ulertu behar. Puntu arriskutsuak identifikatuta daudenean eta herritarrek horiek zuzentzea eskatzen dutenean, ordezkari publikoen erantzukizuna da neurriak hartzea eta irtenbideak bultzatzea.
«Horregatik guztiagatik, oraindik ere ez dugu ulertzen EAJk eta EH Bilduk mozio honen alde egin ez izana. Aukera galdua izan da Udalak aho batez gure herriarentzat beharrezkoa den hobekuntza baten alde egitea. Gure herritarrek azalpenak merezi dituzte. Sozialistok Urnietako segurtasuna hobetzen laguntzen duten ekimen guztiak defendatzen jarraituko dugu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari Irurain inguruan premiazko neurriak har ditzala eskatzen jarraituko dugu», amaitu du Udal Talde Sozialistak.