partekatu
Lezoko PSE-EEk MUGI txartela eskuratu eta kargatzeko zerbitzua eskain dezala eskatu dio EH Bilduri
Udal Talde Sozialistak uste du herritarrei mesede egingo liekeen zerbitzua dela, garraio publikorako sarbidea erraztuz eta alferrikako joan-etorriak saihestuz
Lezoko PSE-EEk EH Bilduri eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak bultzatutako MUGI sarean sartzeko.
Ekimen honen helburua MUGI zerbitzua herritarrei hurbiltzea da, udalerriko herritarrek txartela zuzenean udaletxean eskatu, kargatu edo kudeatzeko aukera izan dezaten. Horri esker, zerbitzua modu erosoago, hurbilago eta eskuragarriagoan erabili ahal izango lukete.
Zerbitzu hori Udalaren, Mugikortasun Departamentuaren eta GGLAren arteko akordio baten bidez gauzatuko litzateke, Gipuzkoako hainbat udalerritan egiten ari den bezala, garraio publikorako sarbidea erraztuz eta bizilagunentzako arreta hobetuz.
PSE-EEko bozeramaile Joxean Sánchezen hitzetan, udalerrian MUGI puntu bat izateak "beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuko lituzke, eta hobekuntza nabarmena ekarriko lieke adinekoei, gazteei eta garraio publikoaren ohiko erabiltzaileei. Horregatik, zaila litzateke ulertzea Lezoko herritarrentzat erabilgarria, erraza eta onuragarria den neurri honekin bat ez egitea".
Udal Talde Sozialistarentzat ekimen hau bat dator aurreko agintaldian sozialistek bultzatutako Lezoko Mugikortasun Iraunkorreko Planean jasotako ekintzekin.
"Hori dela eta, espero dugu Gobernu Taldeak proposamen hori positiboki balioestea eta beharrezko kudeaketak egitea, udalerria lehenbailehen sar dadin MUGI arreta-guneen sarean", adierazi du bozeramaile sozialistak.