partekatu
Andoaingo PSE-EEk 12 urtetik beherakoentzat hiriko garraio publikoa doakoa izatea eskatu du
Udal Talde Sozialistak, gainera, EH Bilduri proposatu dio MUGI sisteman sartzea azter dezala, "baztertzeak justifikaziorik gabeko diskriminazioa dakarrelako andoaindarrentzat".

Andoaingo PSE-EEk EH Bilduren Udal Gobernuari eskatu dio "berehala" bere gain har dezala 12 urtetik beherakoentzako hiriko garraio publikoaren doakotasuna, eta "berehala" egin ditzala beharrezkoak diren kudeaketak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA) eta MUGI sistemarekin bat egitea aztertzeko. Eskaera hori 2023an ere helarazi zuten, zerbitzua esleitu zenean.
Ostegun honetatik, urtarrilaren 30etik, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute MUGI sisteman sartuta dauden garraio publikoko operadore guztietan.
Andoaingo garraioa ez dago sistema horretan integratuta, eta, beraz, erabiltzaileak ezin dira baliatu eskaintzen dituen abantailez. Gaur egun, udalerriko hiri-garraioaren doakotasuna 3 urtetik beherakoei bakarrik aplikatzen zaie, eta horrek "desabantaila eta diskriminazio-egoera sortzen du Andoaingo 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta haien familientzat".
Udal Talde Sozialistaren ustez, "ez da onargarria Andoaingo haurrak diskriminatuak izatea, beste udalerri batzuetakoekin alderatuta, baldin eta beste udalerri horietako biztanleek onura horiek baliatzen badituzte beren hiri-garraio publikoetan. Andoindarrek ezin dute bigarren mailako herritar izaten jarraitu mugikortasunaren arloan ".
Hori dela eta, Udal Talde Sozialistak eskaera bat erregistratu du EH BILDUren Udal Gobernuari eskatuz:
1. Andoaingo hiri-garraioa aztertzeko eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari eta Mugi sistemari atxikitzeko beharrezkoak diren kudeaketak berehala eta besterik gabe egitea, zerbitzuaren agiri teknikoetan jasotzen zen bezala.
2. Bere gain har dezala, berehala, 12 urtetik beherakoentzako hiri-garraioaren doakotasuna, harik eta Mugi sisteman sartzea eraginkorra izan arte.
Alderdi Sozialistaren ustez, "Andoaingo hiri-garraioa MUGI sistematik kanpo uztea justifikaziorik gabeko diskriminazioa da bertako biztanleentzat, eta EH Bilduk gobernatzen duen Udalak egoera hori premiaz zuzentzeko erantzukizuna du".
Gipuzkoan PSE-EEk bultzatutako MUGI sistema erreferentzia bihurtu da garraio publikoaren irisgarritasunean, ekitatean eta iraunkortasunean. Txartel horri esker, pertsonak mugikortasun-politiken erdigunean jar daitezke, arrazoizko tarifak eta errentan eta erabilera-maiztasunean oinarritutako hobari-sistema bat eskainiz.
Sistema horrek Alderdi Sozialistaren filosofia islatzen du: garraio publikoak pertsona guztien mugikortasuna bermatuko duen oinarrizko eskubidea izan behar du, bereziki ahulenena. Eskubide hori ziurtatzeak funtsezko beste eskubide batzuetarako sarbidea ere errazten du, hala nola lanpostuetara, ikasketa-zentroetara, osasun-zentroetara eta aisialdi-jardueretara joateko.
Andoain, 2025eko urtarrilaren 30a