partekatu
Andoaingo sozialistok memoria eskatzen dugu eta gauzei beren izenez deitzea
Andoaingo PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi duenez, batzuk iragana makillatzen saiatu arren, ezingo dute inoiz historia ezabatu

Andoaingo PSE-EEko idazkari nagusiak, Maider Lainezek, "oroimena eta gauzei beren izenez deitzea" eskatu du gaur. Ezin dugu onartu ETA talde armatu bat besterik ez zela izan esatea. Gutxienez duintasun pixka bat izatea eskatzen diegu".
Lainezek gaur eguerdian Andoainen egindako lore-eskaintzan egin ditu adierazpenok, José Luis López de Lacalleren omenez, ETAk hil zuela 24 urte bete direnean. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Sozialisten idazkari nagusiak, Mari Paz Artolazabal López de Lacalleren alargunak eta Alain semeak lagunduta egin du, baita Gipuzkoako PSE-EEko zinegotzi eta ordezkaritza zabal batek babestuta ere.
Lainezek López de Lacalleren figura ekarri du gogora, bere ideiak publikoki defendatzeagatik bizia kendu zioten borrokalari gisa. Zentzu horretan, Andoaingo Sozialisten Idazkari Nagusiak adierazi duenez, "terrorismoak ez du zentzurik izan, ezta justifikaziorik ere, eta hori guztiok aitortu behar dugu zalantzarik gabe".
Buruzagi sozialistak azaldu duenez, horrelako omenaldiak egitea agerian geratu da aurtengoa inoiz baino beharrezkoagoa dela, batez ere, kontuan hartuta badirela iragana zuritu nahi dutenak ETAri buruz talde armatu gisa hitz egiten.
"Iragana makillatzen saiatu arren, ezingo dute inoiz ez historia ez memoria ezabatu. Orrialdea pasa eta aurrera jarraitu behar dugu, baina ezinbestekoa da zer gertatu den jakitea; orria pasa, bai, baina zer dioen irakurri ondoren. Batzuek iragana ezabatzen saiatu arren, ezin dugu ahaztu hemen talde terrorista batek desberdin pentsatzen zutenak hil zituela, eta ezin dugu hori berriro gertatzen utzi".
Lainezentzat oso garrantzitsua da bizikidetzaren aldeko urratsak ematen jarraitzea, eta adierazi du zein garrantzitsua den gure gazteek zer gertatu den jakitea. Horregatik, nabarmendu du Andoaingo gazteek jakin behar dutela José Luis López de Lacalle desberdin pentsatzeagatik hil zutela.
"Ezinbestekoa da memoria bizirik mantentzea gure gazteen bitartez. Haiekin hitz egin eta entzun, iraganeko akatsak berriro gerta ez daitezen. Bizikidetzaren alde lan egingo dugu beti, lau oinarri hauek oinarri hartuta: memoria, egia, justizia eta erreparazioa. Ez dugu memoriarik gabeko herrialdea izan nahi", gaineratu du.
Andoain, 2024ko maiatzaren 7a