partekatu
Álex González izango da PSE-EEren alkategaia “urretxuarren bizi-kalitatea hobetzeko” helburuarekin

Álex Gonzálezek ordezkatuko du Nati Nieves PSE-EEren Urretxuko alkategai izateko, eta datorren maiatzaren 28ko hauteskundeetara aurkeztuko da “ilusioz eta erantzukizunez”, eta “Urretxu aldatzeko”, betiere “ekarpen aurrerakoia eginez”.
González Farmakologia. Medikamentuen garapena, balioespena eta erabilera arrazionala masterra ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Biologiako Gradua ikasi zuen Leongo Unibertsitatean. Euskalduna da.
Bere asmoa Urretxuko Udala gobernatzea da, eta ziurtatu du Urretxurako proiektu bat duela, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea helburutzat hartuta. “Proposamen zehatzak eta egingarriak ditugu etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko”, azaldu du. Urretxuko PSE-EEren hautagaitzaren buruan aurkeztu da argi duelako “gehiago merezi dugula herri gisa”, eta, horrez, gainera, adierazi du PSE-EE aniztasunaren, elkarbizitzaren eta egonkortasunaren bermea dela.
Urretxuko alkatetzarako PSE-EEren hautagaitzaren buruan aurkezten den lehenengo aldia da, eta udaleko sozialisten ordezkaritza sendotuz lan egiteko konpromisoa hartu du. Horretarako, urretxuarren bizi-kalitatea hobetzen aurrera egiten jarraituko duela agindu du.
Azkenik, berariaz eskertu du Nati Nievesek udal-talde sozialistaren buruan bi legealditan egin duen lana, “lan zentzuduna izan da, beste gauza guztien gainetik beti urretxuarren interesen alde egiteko”. Nievesek egin duen lana “erabakigarria izan da Urretxuk aldaketa positiboa izateko”, esan du.