partekatu
PSE-EEk gardentasun handiagoa eskatu du udalaren kudeaketa ekonomikoan, eta gerakina Hondarribiarentzat estrategikoak diren proiektuetara bideratzea proposatu du
Udal Talde Sozialistak kritikatu du zenbait partida dekretu bidez onartzen ari direla, Ogasun Batzordean eztabaidatu gabe
Hondarribiko PSE-EEk "udal baliabideen kudeaketan gardentasun handiagoa" eskatu dio Abotsanitz eta EH Bilduren gobernuari, eta udalerriaren etorkizunerako estrategikoak diren proiektuak bultzatzeko hainbat proposamen aurkeztu ditu.
2025eko aurrekontuaren likidazioak ia 59 milioi euroko diruzaintza-gerakina eta 4,4 milioi eurotik gorako aurrekontu-emaitza utzi zituen.
Udal Talde Sozialistaren ustez, gobernu-taldeak ondoren egindako kudeaketak "zalantzak sortzen ditu gardentasunari dagokionez". Ildo horretan, salatu du dekretu bidez onartu direla langile-gastuetarako, hilerriko inbertsioetarako eta 2026ko kreditu globala izeneko partidaren kontura egingo diren beste jarduketa batzuetarako zenbait partida, Ogasun Batzordean aurretik eztabaidatu gabe.
Era berean, PSE-EEk gogorarazi du 2025eko aurrekontuan likidatzeke geratu ziren 11,6 milioi euroetatik 3,9 milioi euro pasatxo baino ez direla 2026ko ekitaldira txertatu kreditu txertatuen kontzeptuaren bidez, eta 7,7 milioi euro inguru kanpoan geratu direla.
Sozialisten ustez, behin aurrekontuak onartuta eta 2025eko likidaziotik datorren gerakin garrantzitsu bat izanda, "herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eta udalerriaren erronka nagusiei erantzuteko balioko duten proiektu eraldatzaileetan aurrera egiteko unea iritsi da".
Udal Talde Sozialistaren apustu nagusia etxebizitza da, Hondarribiaren etorkizunerako estrategikotzat jotzen duen eremua. Horregatik, 750.000 euro bideratzea proposatu du udal lokal bat egokitzeko eta etxebizitza arloko sozietate publiko bat martxan jartzeko, Udalak arlo honetan politika publiko bat garatu ahal izan dezan, beste administrazio batzuekin koordinatuta. Gainera, alokairurako laguntzak indartzea eta bizitegi-eraikinetan igogailuak jartzea erraztea planteatzen du, irisgarritasuna hobetzeko.
Hiri-eremuan, proposamenak udalerriko espazio estrategikoak hobetzea eta eraldatzea dute helburu. Horien artean daude Alde Zaharra birgaitzea, Birgaitze Integraleko Area (BIA) bezalako tresnak berreskuratuz; Zumardia berroneratzea; etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzak indartzea, Mugondon aurreikusitakoak kasu; eta 1,9 milioi euro ingururen truke lurzorua erostea.
Mugikortasunari eta azpiegiturei dagokienez, PSE-EEk 320.000 euroko inbertsioa proposatu du Jaizubiako argiteria hobetzeko, telekomunikazioen estaldura indartzeko, genero-ikuspegia duten markesina berriak jartzeko eta estalitako aparkalekuak gaitzeko. Gainera, lehentasunezkotzat jotzen du aparkaleku-arazoari egiturazko irtenbidea ematea, lur gaineko zein lurpeko aparkaleku-proiektu berriak bultzatuz; horien artean dago Javier Ugarteko aparkalekua.
Sozialistek udal zerbitzu publikoak indartzearen alde ere egiten dute. Ildo horretan, herritarren segurtasun-zerbitzuetarako eraikin bat egokitzea eta polizia-etxe berri baten proiektuan aurrera egitea proposatzen dute.
Kultura eta kirol arloan, proposamenen artean daude udal ludoteka bat sortzea eta kiroldegirako Plan Gidari bat idaztea. Horretarako, 200.000 euroko partida bat bideratzea proposatzen dute.
"Udalak baditu nahikoa baliabide proiektu eraldatzaileak bultzatzeko. Hondarribiak plangintza, gardentasuna eta borondate politikoa behar ditu ekimen horiek gauzatzeko eta herritarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko", adierazi dute Udal Talde Sozialistatik.