partekatu
PSE-EEk deitoratu du EH Bildu gaueko tarifa kentzearen aurka agertu izana, garraio publikoa irisgarriago egiten duen neurria baita
● Azahara Domínguez: “Eskubideak zabaltzen eta zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko dugu. EH Bilduri gonbidapena egiten diogu konpromiso hori gobernatzeko ardura duen erakunde guztietara eramatera, oraindik ez dauden tokietan gaueko zerbitzuak ezarriz”
Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiorde eta Mugikortasuneko idazkari Azahara Domínguezek adierazi du Lurraldebusen gaueko tarifa ez aplikatzeko erabakia «PSE-EEk garraio publiko irisgarriago, bidezkoago eta herritarrentzat erabilgarriago baten alde egindako apustu politiko argiari» erantzuten diola.
Domínguezen hitzetan, beharrezkoa den neurri hau «garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta ibilgailu pribatuarekiko mendekotasuna gero eta txikiagoa izango duen mugikortasun-eredu baterantz aurrera egiteko dugun estrategiarekin» guztiz bat dator.
Gipuzkoako PSE-EEren ustez, ezin dugu ahaztu milaka pertsona eta familia daudela autorik ez dutenak, eta haientzat garraio publikoa dela lanera, ikasketetara, osasun-zerbitzuetara edo aisialdira joateko duten aukera bakarra. Horregatik, Lurraldebuseko zerbitzuak zabaltzeko eta eskaintza hobetzeko egiten ari garen ahaleginaren ondoren, bidezkoa zen beste urrats bat ematea eta zerbitzua eskuragarriago egitea.
2025ean Lurraldebusen erregistratutako 31,2 milioi bidaiek erakusten dute funtsezko zerbitzu publikoa dela, eta Gipuzkoako milaka langilek, ikaslek eta familiak erabiltzen dutela egunero.
«Harrigarria da EH Bilduk gaueko ordutegian garraio publikoa erabiltzen dutenentzat oztopo ekonomiko bat ezabatzen duen neurri bat zalantzan jartzea. Bereziki, lan egiten duten udalerrian alokairua ordaindu ezin duten langile askorentzat da garrantzitsua; ezin dugu onartu lan-eskaintzak baztertu behar izatea etxera joateko edo etxetik itzultzeko garraiorik ez dutelako, are gutxiago uztailaren 6ra arte indarrean egon den gaueko tarifaren kostuagatik», adierazi du Domínguezek.
Jarrera horrekin, EH Bilduk argi utzi du ez duela neurri hau babesten, eta gipuzkoarrek baloratuko dute garraio publikoa irisgarriago egiten duen ekimen baten aurka egotea. Guk argi daukagu: PSE-EE ezker erabilgarria da; gobernatzen duen ezkerra, eskubideak zabaltzen dituena eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko erabakiak hartzen dituena. Horixe da eraldatzen duen ezkerra, eta horixe da PSE-EE.
Herritarren mugikortasuna erraztea, aukera-berdintasuna sustatzea eta garraio publikoaren erabilera bultzatzen jarraitzea helburu duen ekimena da.
«PSE-EEtik eskubideak zabaltzen eta zerbitzu publikoak hobetzen jarraituko dugu, hori baita lurralde kohesionatuago bat eraikitzeko, aukera-berdintasuna sustatzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko modurik onena. EH Bilduri gonbidapena egiten diogu konpromiso hori gobernatzeko ardura duen erakunde guztietara eramatera: oraindik ez dauden tokietan gaueko zerbitzuak ezarriz, gaur egun noizbehinkakoak baino ez diren zerbitzuak ohiko bihurtuz, dagoeneko martxan daudenak indartuz, eta hori guztia gaueko tarifa aplikatu gabe eginez», azaldu du buruzagi sozialistak.
Horixe izango da Gipuzkoako Alderdi Sozialistaren apustua aurrerantzean ere: garraio publiko irisgarriagoa, jasangarriagoa eta bidezkoagoa. «Gustatuko litzaiguke neurri honetan EH Bilduren babesa izatea, herritarren mesederako baita zuzenean; baina haien babesarekin zein babesik gabe, gipuzkoarren bizi-kalitatea hobetuko duten politika erabilgarriak bultzatzen jarraituko dugu, inor atzean utzi gabe».