Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.
Adi egon! Adi egon!

Apirila 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30
Itxi
PSE GIPUZKOA

PSE-EE PSOE Socialistas Vascos

Berriak

partekatu  partekatu

Itxaso: “datozen lau urteek Gipuzkoan elektromugikortasunaren alde egiteko eta trenbide- eta bizikleta-bideak sustatzeko balio behar dute”

Sozialista gipuzkoarrek mugikortasunaren arloan Foru Aldundirako hauteskunde-programa aurkeztu dute. Programak lau ardatz ditu: trenbide-azpiegiturak garatzea, mugikortasun elektrikoa arlo guztietan sustatzea, Mugi sistema garatzea, Lurraldebus hobetzea eta modernizatzea, eta bizikletaren erabilera bultzatzea, ohiko garraiobide iraunkor eta osasuntsu gisa.

“Paradigma-aldaketa bat proposatzen dugu, mugikortasun iraunkorraren, osasuntsuaren (elektrikoa, trenez, bizikletaz) eta garraio publikoaren babesa klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategia integralarekin lotuz".

1. argazkia

Gipuzkoako PSE-EEk maiatzaren 26ko Foru Aldundirako hauteskundeei begira osatu duen mugikortasun-arloko hauteskunde-programa aurkeztu du, gaur, Errenteriko tren-geltokian. Denis Itxaso Diputatu Nagusirako hautagaiak paradigma-aldaketa bat proposatu du Gipuzkoaren mugikortasunean eta konektagarritasunean. Hala, mugikortasun iraunkorraren, osasuntsuaren (elektrikoa, trenez, bizikletaz) eta garraio publikoaren babesa, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategia integralarekin eta berotegi-efektuko gas-emisioak murrizteko politika aktiboekin lotu du.

Denis Itxasok mugikortasun- eta garraio-arloetan Gipuzkoako PSE-EEren programa aurkeztu du, hautesbarrutietako lau zerrendaburu sozialistak eta Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako gaur egungo foru diputatua aldamenean zituela.

Gipuzkoan mugikortasun iraunkorraren eta osasuntsuaren aldeko sozialisten apustuak erreferentziako lau ardatz nagusi ditu: Gipuzkoako garraio publiko metropolitarreko eredua osatuko duten trenbide-azpiegiturak garatzea; mugikortasun elektrikoa arlo guztietan sustatzea; Mugi sistema mugikortasun-zerbitzuen euskarri integral eta bateratu gisa garatzea. Lurraldebus hobetzea eta modernizatzea, garraioko zerbitzu publikoaren premia berrietara egokitzeko; eta ohiko garraiobide iraunkor eta osasuntsu gisa bizikletaren erabilera bultzatzea. 

“Inoiz baino gehiago, Gipuzkoak komunikazioko eta konektagarritasuneko azpiegituren defizita gainditzeko beharra du. Funtsezkoa da ahalmen handiko tren bidezko garraio-moduetan inbertsioak azkartzea —mugikortasun iraunkorreko sistemaren ardatza izan behar dute— eta Lasarte-Oria eta Irun-Hondarribia lotzeko Donostialdeko Metroa garatzea, Donostiako lurpeko pasabidea egitea, Loiolako Erriberetako aldageltokia eraikitzea, AHT lehenbailehen gure lurraldera iristea, eta Donostiako eta Irungo geltokiak berritzea; Ezkio-Itxasoren eta Nafarroaren arteko lotura ahaztu gabe. Gipuzkoak, gainera, elektromugikortasuna garatu behar du garraio-esparru guztietan, bai arlo publikoan bai pribatuan”, azaldu du Diputatu Nagusirako hautagai sozialistak.

Trenaren aldeko apustua egiteko, Loiolako Erriberetako aldageltokia sustatu eta bizkortu behar da, Gipuzkoako bi trenbide-ardatzak lotzeko funtsezko azpiegitura gisa; Lasarte-Oria eta Irun/Hondarribia arteko topoa/metroa berritzea eta zabaltzea bultzatu behar da, Altza-Pasai Antxo-Galtzaraborda tartean trenbidea bitan banatzeari ekinez. Lan horrek, gainera, Pasai Antxon Euskotreneko lineak herrian sortzen duen hesiaren arazoa konponduko luke. Halaber, AHT Gipuzkoara heltzeko obrak azkarrago egitea eta Donostiako, Irungo eta Ezkio-Itxasoko geltoki berriak egitea aldarrikatu behar da. 

“Euskal Y-aren eraikuntza asko atzeratzen ari da eta Abiadura Handiko Trena gure lurraldera lehenbailehen iristea behar dugu. Gipuzkoak ezin du isolatua geratu, Espainiako eta Europako gainerako lurraldeekin tren-konexio moderno eta azkarrik gabe. Konexio horiek funtsezkoa dira garapen eta hazkuntza ekonomiko, sozial eta turistikorako, eta herritarren mugikortasun iraunkorra ahalbidetzeko. AHT Ezkio-Itxasotik Nafarroarekin lotzea, eta, AHTaren baldintzetara egokitzeko, Donostiako eta Irungo Renferen geltokietan beharrezkoak diren zaharberritzeak lehenbailehen egitea defendatzen dugu”, adierazi du hautagai sozialistak.

Elektromugikortasuneko eredu batera aldatzea mugikortasun elektrikoko politika integralak eta diziplinartekoak sustatzeari lotua dago: hirigintzako espazioak eta ekipamenduak ibilgailu elektriko publikoen eta pribatuen beharretara egokitzea; ibilgailuak erostean aldaketa teknologikoa sustatzeko pizgarri fiskalak ematea; automobilgintzaren sektorean diharduten enpresa gipuzkoarretan ikerketa teknologikoa babestea.

Mugikortasun publiko integratuko eta iraunkorreko politiketan Estatuko lurralde aurreratuenetakoa eta erreferente argia den arren, Gipuzkoako PSE-EEk gipuzkoarrei garraio publikoan zerbitzu integratua, teknologikoki aurreratua eta integrala eskaini nahi die Mugiren bitartez. Tarifa-euskarri berezi eta teknologiko hori, XXI. mendeko herritarren mugikortasunaren erabilera anitzeko premia berriei eta integralei erantzuteko gai izango da, tarte jakin batzuetan pixkanakako deskontuak handituz, beste lurralde batzuetan ere erabiltzeko aukera emanez, bizikletak alokatzeko udal-zerbitzutan erabiltzeko aukera izanez edo Mugi elektronikoa.

Errepideko garraioa da gas horien emisioen eragile nagusietako bat; eta Gipuzkoako autobusen hiriarteko zerbitzuaren kudeaketan erantzukizun zuzenena duen Lurraldebusek mugikortasun iraunkorrenaren paradigma-aldaketa horretan lagundu behar du; ez bakarrik autobusen flota modernizatuz eta ibilgailu hibridoengatik ordezkatuz, baita intermodalitatea eta bus-tren-bizikleta konektagarritasuna erraztuz. Horretarako, tren eta bizikletentzako azpiegiturak hobetzen inbertitu behar da, Mugi sisteman tarifa-politika progresiboak, eta garraio publikoko zerbitzu eraginkorrak eta modernoak eskainiz, herritarren benetako beharrei erantzuteko eta ibilgailu pribatua ordezkatzeko hautabide baliagarri bihurtzeko.

Sozialistek mugikortasun iraunkorra eta osasuntsua bultzatzen jarraitu nahi dugu, ohiko garraiobide gisa bizikleta gehiago erabiltzea sustatuz, aurreikusitako azpiegiturak egikarituz eta oraindik loturarik ez duten lurraldeko hainbat leku konektatuz. 

Horregatik, PSE-EEk honako hau proposatzen du: Donostia eta Hendaia arteko mugaz gaindiko loturari ekitea, Jaizubia-Lezo bidegorria garatzen jarraituz; Gipuzkoa Eurovelo proiektuan sartzea —bertan bizikletentzako Europako ardatz nagusiak finkatuta daude eta, gaur egun, horietako bakar bat ez da Gipuzkoatik igarotzen—, Usurbil-Donostia eta Deskarga-Bergara loturak amaitzea, eta Eibar-Soraluze loturaren azterketan sakontzea; burdinbide berdeak suspertzea, Eskoriatzatik barrena Vasco Navarro trenbidearen antzinako ibilbidetik Gipuzkoaren eta Arabaren arteko konexioari ekitea; Zestoa-Azpeitia tartea, Urolako trenaren ibilbidetik; eta ekimen ekonomikoak eta enplegua sortzeko ekimenak garatzea turismo berdearen, bizikletaren turismo iraunkorraren eta eskuragarriaren inguruan, ondare kulturala eta paisajistikoa berreskuratzea, etab.; bidegorrien foru-sarean bizikleta elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea; eguneroko bizitzan hiri barruan bizikleta elektriko bidez mugitzeko sustatzea, merkantziak banatzeko, garbiketako eta mantentzeko hiri barruko zerbitzuetarako, udaltzainek euren lana bizikleta eta trizikloa erabiliz egin ahal izateko, adibidez; emakumeek bizikleta gehiago erabiltzea, gaur egun gizonekiko dagoen tartea murrizteko; bizikleta erabiltzeko intermodalitatea sustatzea, bizikletak uzteko lekuak eta garraio publikoko geltokien ondoan bizikleta alokatzeko zerbitzu publikoak ipiniz, adibidez; Bizikletaren Behatokia berraktibatzea; eta ehun asoziatiboarekin batera egiteko lana indartzea.

Itxasok ere mugikortasun elektrikoari buruzko araudi fiskal berria egiteko azterketa bat proposatu du, lurraldean mugikortasun publikoa eta pribatua elektromugikortasunera aldatzea eta egokitzea arautzeko eta sustatzeko.